Onintza Enbeita.
BIRA

Luze

2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Badira luze pasatzen diren boladak. Bertsolari batek esan zuen behin urteak azkar pasatzen zitzaizkiola, baina egunak astiro; batez ere neguan. Horrelako zerbait pasatzen da zenbait egoeratan. Esate baterako: maite duzun norbaiten kartzelako azken urtea luzea da. Are gehiago, urte horren erdia pandemia baten harri astunaren azpian egin behar baduzu. Eta oraindik eta areago kartzelatik aterako den egunean osasun protokoloak aplikatzea okurritzen bazaio preso daukan estatuari.

Maiteminduari luze pasatzen zaizkio orduak maite duen hori ikusi gabe. Arnasa hartzen du, bizitzan beste gauza batzuk badirela pentsatzen du, lagunak hor daudela, familia baduela... Baina orduak luzeak dira gura duzunarekin ez bazaude.

Eta luze doaz egunak zu besarkatu gabe. Libre zaudela badakigu, baina ezin zaitugu ukitu, usaindu, besarkatu. Inoiz ez genuen pentsatuko sare sozialetan ikusiko zintugunik eta inoiz baino zentzu gutxiago dauka zu haietan egoteak. Luze doaz egunak gure urduritasunari eutsi ezinik. Herrian ikusi nahi zaitugu, eta sare sozialei mania hartzen hasi naiz. Gaur arte pentsatzen nuen urrunekoa hurbiltzeko balio dutela, baina orain hurbilekoa zein urrun dudan gogorarazten didate, eta luze egiten ari zait itxaronaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.