Onintza Enbeita.
BIRA

Mehatxua

2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Adituek diote etxean sartu behar dugula berriro Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko herrikideen moduan. Hitzak ahots kordetan korapilatzen hasi zaizkit: antsietatea, hutsunea, bakardadea, heriotza, telebista, maskara, negozioa, ERTEak, miseria, arrakala soziala… eta burua martxoaren 12ra joan zait. Gogoratzen naiz nola etorri ziren ilobak eskolatik etxera: ustez, hamabost egunerako. Telefonoak jotzen zuen bakoitzean bertso saio bat erortzen zen. Eskerrak irratiari telefonoz eutsi genion eta BERRIA argitaratzen jarraitu zuten!

Edozer egingo nuke beste etxeratzerik ez izateko; baina ez dut uste errua gurea denik. Birusa ez da sekula joan; ordea, uztailaren 12an hauteskundeak zirenez, 16ra arte ez gintuzten maskara erabiltzera derrigortu. Bigarren olatuaren zain egon gara guztiok, baina hala behar zuenak ez du osasun sistema indartu.

Edozer egingo nuke ekainaren 24ko eta 29ko bertso saioak errepikatzearren: jendea maskararik gabe guri adi. Ondo portatzen ez baginen konfinatu egingo gintuztela errepikatu digute uda osoan. Ondo portatu gara, baina konfinatu egingo omen gaituzte.

Edozer egingo nuke esan dizkiguten gezurrak argitaratuta ikusteagatik. Ez, ez dut birusaren izatea ukatzen. Baina hark sortutako pandemiaren kudeaketa politikoa da, erabat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.