Onintza Enbeita.
BIRA

Eredua

2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Udalerritik irten ezinda gaude. Gure kasuan, ez da hainbesterako: 50 kilometro karratu inguru ditugu mugitzeko. Hala ere, leku berean buelta asko ematen ari garen inpresioa daukagu. Pasieran atera, eta badaezpada betiko bidetik barik, beste batetik joaten gara. Betiko bidearen zati bat Ajangiz delako, edo Mendata, edo Zornotza, edo Morga, edo Gernika, edo... Orain arte barre egin digute baserritarroi: mugarriekin obsesionatuta bizi garela pentsatu izan dute kaletarrek. Orain guztiok gaude gure herriko mugarrien barruan preso.

Guztiok esan dut? Ez, barkatu, guztiok ez. Batzuek ez daukate ez mugarik, ez nahi duten lekura joateko bidea itxiko dien harririk. Lehen konfinamenduan Castrora joan ziren, eta orain golfean jokatzera. Aire zabaleko jarduera izaki, legezkoa omen da.

Hara, ez dakit nola daukaten halako aurpegi gogorra. Txertoak osten dizkigutela? Sobera zeuden. Golfera jokatzen joan direla? Egin daitekeen zerbait da. Barkatuko didazue, edo ez (honezkero berdin du), baina terraza batean garagardo bat edatea golfean jokatzea bezain aire libreko ekintza da. Eta udalerri barruan preso egotea ez da sekulako zigorra izango agian, baina lotsa apurren bat gelditzen bazaizue, bete itzazue zeuek ezarritako arauak. Eredua ematea deitzen zaiola uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.