Onintza Enbeita.
BIRA

Loteria

2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Harrigarria da langileoi, hilabete amaierara iristeko taulak bete eta bete ari garenoi, zelako gauzekin eman nahi izaten diguten esperantza. «Erosi loteria», esaten digute aberastea aukera erreala balitz bezala. «Ez dakit nori 400.000 euro tokatu zitzaizkion!», entzuten duzu tabernan, eta zure miseriak amaiera izan dezakeela pentsatzen duzu. Ordea, estatu sano batek ezin du bere biztanleen bizitza zoriaren esku utzi. Mundu justuan biziko bagina, agian jokoak berdin existituko luke, baina ez litzateke bizitza duin bat eskuratzeko esperantza izango loteriak eman dezakeen dirua. Urte guztian jokatzen ez dutenek ere, Gabonetan jokatu egiten dute, eta bai, egia da: batzuei tokatu ere egiten zaie. Gutxiri.

Baina tokatuta ere zer? Zenbat herritan erosi daiteke gaur egun etxebizitza bat loteriak eman dezakeen diruarekin? Eta etxebizitza bat erosteko beste diru izatea edo bankuari hipoteka ordaintzeko adina diru izatea al da gure miseria amaitzea? Esango nuke, erratuta egon naitekeela jakinda, etxebizitza bat erosita zein alokairuan zein beste edozein modutan izatea eskubidea dela, eta ez pribilegioa. Agian, hipoteka ordaindu ahal izateko loteria jokatzea baino sanoagoa izango litzateke hipotekarik ez behar izatea mundu honetan leku bat izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.