Onintza Enbeita.
BIRA

Jarraitzaileak

2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Denbora asko daramat sare sozialetan. Ez zaizkit erabat txarrak iruditzen, baina gero eta zalantza gehiago sortzen didate. Entzuten dut telebistan nerabeen artean bazterketa areagotzen dutela, baina onartzen dut ez dela zuzenean bizi dudan gauza bat. Kezkatu egiten nau, hala ere. Kontua da nire inguruan bestelako alde txarrak gehiago direla. Jende helduak, pentsatzen duguna baino helduagoak, kontu faltsuak sortzen ditu elkarri txakurrarenak esateko, eta hori gutxi balitz bezala, beste foro batzuetan konpondu ez diren arazoak handitu egiten dira sareetan. Harrigarria da, baina ez da arazo bakarra. Bakarrik dagoela ikusten duzun jendeak argazkiak eta argazkiak eta argazki gehiago igotzen ditu sareetara bere bizitza besteek uste dutena izan dadin. Zorion faltsua saltzen diogu jendeari jarraitzaileak izatearren, baina badago benetan bakarrik dagoen jendea, eta disimulatu gura ez duena. Eta seguruenetik ez da nahita egiten dugun gauza bat, baina jende horri, disimulatu nahi ez duenari kalte handia egiten diogu. Azken batean ez baitago bizitza perfekturik. Ezta etengabeko zorionik ere. Guztiok egoten gara noizbait bakarrik eta haserre, edo lagun artean eta triste. Ez genuke ezagutzen ez ditugun jarraitzaileen izenean ezagutzen dugun jendea engainatu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.