andoni egana
HITZ ETZANAK

Aholkuak

2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu. Serena Williams tenislariak epaileari egindako protestak eta honek ezarritako zigorrak eman du zer esana eta zer pentsatua. Dena hasi zen epaileak tenislaria eta entrenatzailea elkarri imintzioka sumatu zituenean. Debekatua dago hori nonbait, eta puntu bat kendu zion. Handik aurrera etorri ziren protestak, joko bat ere kentzea, partidaren amaiera eta prentsaurrekoan esanak.

Ume baten ama dela eta baduela norentzat eredu izan, bera ez dela tranpazalea bota zion lehenik tenislariak. Gero, adierazi zuen emakumea delako zigortu zuela epaileak hain gogor, gizonezkoak, berak jaurtitako irainak baino handiagoak bota arren, ez dituztela hain erraz zigortzen. Zenbaiti egia borobilak esan zituela irudituko zaio. Beste zenbait sumatu dut marmarrean, ez zuela horrelakorik esan beharrik, hori dela gauzak nahastea, argudio horiek erabiltzeak ez duela kausa juxtu bat narrastu baino egiten...

Ez dakit. Baina duela gutxi jakin nuen Grand Slamekoak ez diren tenis-partida arruntagoetan gizonezkoek galarazia dutela entrenatzailearekin komunikazio oro eta emakumeek ez. Hori bai dela bereizketa funtsik gabea! Emakume tenislariek, gajoek, oraindik ere sarri-sarri entrenatzailearen aholkuak entzuteko premia balute bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.