andoni egana
HITZ ETZANAK

Berezkoa

2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Joan dira hogeita hamar urte. Bertsozale Elkartea sortu berritan —Bertsolari Elkartea artean— bazkide egin behar zuela eta bertsolari edadetu bat hurbildu zen elkartearen egoitzara. Paperak betetzen hasi ziren, idazkariak galdetu eta gure lagunak erantzun: Izen-deiturak? Halako eta halako. Jaioteguna? Halako. Jaioterria? Beste halako. Helbidea?... Dena ongi zihoan fitxako azken galdera iritsi arte. Ikasketak? Bertsolariari aurpegiera mudatu zitzaion. Mindua, braustakoan eta harro erantzun zion hain ofentsa larriari: Batere! Batere nik horrelakorik! Den-dena berezkoa!

Bapo aldatu dira garaiak eta ikuspegiak! Cifuentes eta Montón andereei edo Casado eta Sánchez jaunei galdetu bestela. Batzuen tranpek, bestearen ustezko iruzurrek eta presidentearen tesiaren plagio-hotsek irentsi dute Espainiako politika azken hilabeteotan. Kontu garrantzitsuagorik ez balitz bezala! Norbaiti interesatzen zaio nonbait behe laino hori sortzea sudur punttatik harago ezer ikus ez dadin.

Tituluek, masterrek, tesiek… ez dute politikaria hobea egiten. Ezak txarragoa ere ez. Baina «ez izan eta bai esan» horrek pista handiak ematen ditu. Adierazten du ikasketa dudakoak baina berezko handia dutela. Tranparako, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.