Onintza Enbeita.
BIRA

Neskak vs mutilak

2018ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Eskola kirolean eman du izena lagun baten alabak, eta lehenengo egunean talde bi egin dituzte begiraleek: neskak talde batera eta mutilak bestera. Gure lagunari ez zaio ondo iruditu eta eskatutako azalpenak eman egin dizkiote: adin horretan mutilek ez omen dute neskekin jolastu nahi izaten, hain onak ez direlakoan. Beraz, baloia ez dietenez neskei pasatu nahi, hobe da batzuk eta besteak talde banatan egotea.

Azalpen logikoa dirudi, baina non kokatuko ditu bereizketa horrek ez neska ez mutil sentitzen ez diren umeak?

Bestalde, kirolean ona edo ez hain ona izatetik harantzago landu daitezkeen balioak badaude: taldetasuna, adibidez. Baldin eta norbaitek ez badu jolasa konpartitu nahi, ez badu bera baino traketsagoa denari baloia pasatzerik nahi edo ez badu nesken kirol gaitasuna ikusi nahi, horrekin egin beharko du begiraleak lanketa berezia. Ala ez?

Azkenean, eskolan bertan egiten badugu lehen bereizketa, gure umeek jarraituko dute pentsatzen gizonak askoz ere abilagoak direla kirolean, eta horregatik joaten dela jende gehiago haien partidak ikustera, eta horregatik kobratzen dutela diru gehiago kirol berean jokatu arren, eta horregatik merezi dutela gizartearentzat erreferenteak izatea, eta munduaren ordena hau zuzena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.