andoni egana
HITZ ETZANAK

Deus

2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Jainko-Jainkosen lorea da nonbait krabelina, dianthus latinez. Berrogeitaka urte dira berrogeita bat urteko emakume bat, Celeste Martins, krabelin-sortak besoetan hartu eta Lisboako kaleetan zehar etxerantz zihoala. Sobratutako krabelin-sortak ziren. Celeste zerbitzaria zen urtebete lehenago ireki zuten jatetxe batean. Urteurren-jaia ospatzeko krabelinak erosteko agindu zien nagusiak, baina gero ez zen festa burutu, kaleetan militarrak baitzebiltzan diktaduraren kontra matxinaturik.

Soldadu matxinatu batek zigarro bat eskatu zion Celesteri apirilaren 25eko goiz hotz hartan. Ez zeukala erantzun zion, ez zuela erretzen. Jiratu zuen burua eta ez zuen inguruan estankorik ikusi. Eta eskueran zeukana eskaini zion soldaduari: krabelina. Honek, hartu eta eskupetaren muturrean ipini zuen.Bere kideei grazia egin zien nonbait eta haiek ere krabelinbana eskatu eta gauza bera egin zuten.

Pasadizo horri zor omen dio izena Krabelinen iraultzak. Iraganminak eraginda ekarri dut gaur gogora. Hizkuntza berean aritzen baita Jair Bolsonaro. Eta honek ere esku-ahurrean idazten dituen hitz gutxi horietan Jainkoa ez baitu ahanzten. Baina krabelinaren jainkoak eta Bolsonarorenak badakizue zer antz duten elkarrekiko: deus ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.