Onintza Enbeita.
BIRA

Genozidio

2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Lau indio izan ote ziren garaiko Kaliforniako biztanleen ehuneko lauregoita hamarra? Bertako tribuei birusez beteta eman zitzaizkien manta haiek lau indio bakarrik akabatu ote zituzten? Urteetan luzatutako gerran jazarri eta hil zituztenak lau izango ote ziren? Ez, jakina. Erreserbetara mugatu zituzten haiek, mespretxuz indio deitu zitzaien gizon-emakume haiek, orain direna baino milaka gehiago ziren gizon zuri europarrak haien lurretara iritsi zirenean.

Eta iparraldean bezala gertatu zen hegoaldean ere. Bertakoek enbarazu egiten zuten. Ingelesa, gaztelania eta portugesa ez ziren modu naturalean nagusitu Ameriketan; ondo antolatutako genozidio humano, lingusitiko eta kulturalaren ondorioz baino. Orain, Espainiako Gobernuko Kanpo Harremanetarako Ministroak ia barreka esan du lau indio baino ez zituztela hil Ameriketako Estatu Batuak sortzeko. Haren hitzek hegoaldean gertatua estali nahi dutela iruditzen zait. Eskoletako curriculumean sartu diguten historia mozorrotuari kontra ez egiteko bidearen bila ari direla dirudi. Ez dugu hil, bortxatu, apurtu edo konkistatu: deskubritu egin dugu.

Baina genozidioa ez zuen Hitlerrek asmatu. Hura sortu aurretik ere, gertatu ziren halakoak munduan; eta zoritxarrez, hura hil ondorenean ere, gertatzen ari da leku askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.