andoni egana
HITZ ETZANAK

Goazen?

2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Eskelarako jarri beharreko bertsoa baino zailagorik ez da. Gehienean neurri txarra izaten du zendu berriarekiko distantziak: urrunegikoa zaizu edo gertukoegia. Gertukoegia bada, ahaleginduko zara puntaeneko bertsoa sortzen, eta ez duzu inoiz nahi bezain ona osatuko. Hain ezaguna eta hain maitea zenuen haren omenez beti bertso edo esaldi hobea egin zenezakeelako ustearekin geratuko zara. Urrutikoegia bada, ea mesedez halakoren eskelarako bertso bat idatziko duzun eskatu badizute, besteren minari ari zara hitzak jartzen, eta emaitzak asebeterik utzi arren, beti sentituko zara inpostore txiki.

Eskelako bertso txarrari ere begirunea diot. Asmoaren onak beti gainditzen du testuaren arrunta. Bihotzetik ari den hari ezin zaio gehiago eskatu. Nahiago izan du berak egin inpostore txiki bati eskatu baino. Horrelakoetan, «pozik hezi gaituzu zure besapean» irakurri arren, kiratsa baino lurrina iristen da sudur-mintzetara.

Besterik da hildakoa hizkuntza bera dela ohartzen naizenetan. Begia gehitxo zolitzen zait. Goazen Donostia irakurri berri dut Udalaren asmo oneko publizitate kanpaina baten lelo. Zenbateko kaltea egin digun kirolari espainiarren «vamos!» horrek! Donostia joaten bada, zer geratuko da badiaren inguruan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.