andoni egana
HITZ ETZANAK

Trena

2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Espainia eta espainiarrak maite zituela esan zuen, eta horrek jan zuen titular oro. Oriol Junquerasek zerbait garrantzitsuagoa esan zuen, ordea, isil-misilka pasatu dena. Ordu eta erdiz aritu zen berbetan, eta hala arrazoitu zuen bere hitz jarioa: «Izugarri maite dut hitz egitea. Eta joan den urte eta erdi honetan behar adina aukera izan ez dudanez...».

Bakarrik bizi denari antzeman egiten zaio. Elkartuko zarete, demagun bi adiskide, eta lehen ordu laurdenean bera izango da, ia arnasarik hartzeko tarterik gabe, hitz-parrastada botako duena. Zu, berriz, lagun ona bazara behintzat, entzule izatera mugatuko zara. Berea da benetako kontatu beharra. Denbora tarte bat igarota, hustua laguna, bakarrizketa elkarrizketa bihurtu ahal izango duzue.

Kataluniarrei bozkatzeko eskubidea, etorkizuna irudikatzen hastekoa... galarazi diete. Preso daudenei, nahi dutenean eta nahi dutenarekin hitz egiteko aukera ere bai. Gogoan dut bertsotan jarritako gai bat: «Trenean zoazte elkarren ondoan. Eta zuetako bat hitz eta pitz doa, isildu gabe». Bestea zen hasten. Uste dut Loidi Saletxe II.a zela. Pelmari errietan hasi ordez, «zu bakarrik biziko zara, ezta?» galdetuz ekin zion. Trena: bi adierako hitza, Junquerasek bezala, gaztelania estimutan baduzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.