andoni egana
HITZ ETZANAK

Pelma

2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Grezieratik dator eta oin-zoruarekin omen du zerikusia hitzak. Ez zait asko kosta irudi bat ekartzea, herriren bateko jaietan halako zerbait egiten ikusi izan dut eta jendea. Pertsona bat, hortzak estutu, begiak itxi eta txingarrez beteriko lur-zoru baten gainean, oinutsik tipi-tapa joango da txingar tartea bukatzen den lekuraino. Fedea duelako; nahi duelako; horixe jarri zaiolako sudur-punttan. Hori da pelma izatea erroetara joanda. Pelmaren bizimodua tristea zen oso XX. mendea heldu arte. Baina joan zen mendea iristearekin, zerua zabaldu zitzaion pelmari. Publizitateak indar hartu zuen eta bat egin zuten pelmak eta publizitateak, ezaugarriak ere antzekoak baitituzte: errepikakorra izatea, zuk duzuna besteari zinez interesatzen zaiola sinistea, inoiz ez etsitzea...

XXI. mendea jo dugu eta pelma bere saltsan aurkitu da. Badu zer eskainia eta sekula baino salbide gehiago du. Ildo oro baliatzen ahaleginduko da. Etxe atariko buzoia ez ezik, sakelakoa, ordenagailua... bonbardatuko dizkizu. Hainbesteko erauntsiak babes sistemaren bat eskatzen zuela eta hor dugu Robinson zerrenda. Joan den astelehenetik aurrera baliabide gehiago eskaintzen omen du. Orain, non eta zer jaso nahi ez duzun xehatu omen daiteke. Erne! Pelmak ez du nolanahi etsiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.