andoni egana
HITZ ETZANAK

Bero

2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Asebeterik iritsi zen etxera atzo. Garagardo lata bat ireki zuen, gutxitan bezala. Eta beste bat gero; bero zegoen, eta, gainera, bazuen zer ospaturik. Ideiak parrastadan etorri zitzaizkion hirugarren garagardoarekin. Azken bederatzi hilabetean ezin izan zuen burutik uxatu eskolan nota onak ateratzen ez zituenean gurasoek egiten zioten mehatxua: «Espabila zaitez, bestela kale garbitzaile bukatuko duzu eta!».

Laburbiderik gabeko bizitza ibilbidea tokatu zitzaion gerora. Malkartsua oso. Kale garbitzaileen lan baldintzak desiragarri izan zitezen bezain pikoa askotan. Umetan mehatxu marrazten ziotena helburu izan zuen azken bederatzi hilabetean. Borroka latz egin ondoren lortu zuten urrats bat aurrera egitea…

Bederatzi hilabete. Haurdunaldi bat. Epaitegi eta polizia etxeak garbitzen zituztenen artean, bera zen gizonezko bakarretakoa. Zortea izan zuen bederatzi hilabetez altzo izaten ohitutako askorekin batera altzatzekoa. Laugarren garagardoarekin, pozaren berotan, berogailua etorri zitzaion gogora gero. Kalkuluak egiten hasi zen soldata igoerarekin datorren neguan, lehen aldiz, behar bezalako berogailu sistema jarri ahal izango zuen etxean... Segur aski ez. Pobrearen pozari beroarena kendu behar zaiola aspaldi ikasi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.