andoni egana
HITZ ETZANAK

Lege

2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Lanean aritu arren pobre izan zintezkeela erakutsi zigun orain dozena bat urte hasi zen krisialdiak. Bageneramatzan hamarraldi batzuk lanik gabe zegoena baino ez zena pobre. Memoriak oinak motzak ditu eta lagundu egin behar izaten zaio mugi dadin. Bartzelonan bizi zen neska gazte batek —Carolina Alguacilek— asmatu zuen mendearen lau-bosgarren urtean mileurista esamoldea. Errealitate garratz bati izena jarri zion. Egun, mendea adin nagusitasunera heldua, mila euroren muga hura askorentzat desira ere bihurtu da.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikerketa lan baten ondorioa argia da: azken sei urtean pobrezia larria jasaten dutenen kopurua ez da urritu. Kronifikatu egin da gaitza. Lanik eza; lanean ari direnen prekarietatea; soldata negargarriak; alokairuen prezioa... Etorkizun ederra!

Agintariei ahoa bete-bete egiten zaie «berdintasuna», «justizia», «etorkizuna»... eta gisako hitz anpulosoekin. Zinemaldian herenegun ikusi genuen zein den irtenbidea. Zapi berdeetan idatzirik azaldu zuten Argentinan abortua legezkoa, segurua eta doakoa izan dadin aldarria. «¡Que sea ley!».Hitzik larrienek eta asmorik onberenek baino eragin handiagoa luke gizartean sortzen diren arrakalak berdintzeko orduan ere joera horrek. «Izan dadila lege!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.