andoni egana
HITZ ETZANAK

Neuk

2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Delegazioaren gizartean bizi gara. Zeurea besteren eskuetan uztearenean. Ez da kontu korrontearekin gertatzen. Lanarekin gertatzen da gehienetan. Egungo jendartea delegatuz betea dago. Edozein politikarik du aholkulari bat diskurtso bat prestatuko diona; edozein enpresarik komunikazio-buru bat jendaurreko jarduna errazteko; edozein ekintzailek komertzial lana egingo dion norbait... «Talde-lan» hitz potoloak miseria asko ezkutatzen du maiz.

Bestela ohitua nago ni. Bertsolaria naizelako edo, —mikrofonoaren aurrean azken batean bakarrik sentitzera behartua— nirea neuk egitea ezinbestekotzat jotzen dut.

Euskal Telebistatik deitu zidaten proposamen bat egiteko. Programa berri bat abian jartzera zihoazen. Ongi ulertu banuen, Euskal Herriko historiaren pasarte bat kontatuko zien ikasgela bateko gaztetxoei, aldian-aldian pertsona ezagun batek. Haietako bat neu. Ideia ona iruditu zitzaidan; jende serioaren esku zegoen programa; tentagarria zen. —Botatzen hasi dira eta kritika onak entzun ditut—. Baina ezezkoa eman nien, zinez lanpeturik nenbilela esanda. Dokumentazioa bidaliko zidatela, eta esan beharrekoa zer zen haiek esango zidatela bota zidan deitu zidanak, konbentzitze aldera. Eta orduantxe konbentzitu ninduen. Ezezkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.