andoni egana
HITZ ETZANAK

Giza baliabideak

2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Giza baliabideak baino hitz itsustuagorik ez da. Giza baliabide izan behar lukete adimenak, senak adimenaren abiadura gorentzat definitu zuen norbaitek, enpatiak, sinpatiak, eskarmentuak, esku-trebetasunak... Luzatu nahi hainbat zerrenda. Batzuek batetik gehiago izango dute, besteek bestetik, baina horietaz baliatzen gara gizakiok munduan ibili eta besteekiko harremanerako.

Giza baliabideak oso bestelako zentzuan erabiltzen da, ordea, gaur egun. Subjektuari zegokiona objektu bihurtu dute. Badakizue: enpresa kozkor guztiek daukate euren giza baliabideak saila. Eta zin dagizuet nahiago dudala garai bateko «halakorentzat lan egin»edo izan enpleatu, langile, kontratatu, zerbitzari eta etsi-etsian esklabo ere bai, inoren edo ezeren giza baliabide izan baino. Osasunaren eta ekonomiaren arteko borrokak ekonomiaranzko aldaroa hartuko zuela jakinekoa zen giza baliabide erabiltzen dugun moduan erabiltzen dugun unetik.

Krisialdi honetatik mundua zer itxurarekin aterako den darabilgu askok gogoan, lehengo ohiturekin segituko dugun, lehengo jokamoduetan tematuko garen.Usu da azala salatari. Giza baliabideak esamoldeak egungo adieran badirau, deus gutxi ikasi dugula aitortu beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.