andoni egana
HITZ ETZANAK

Comillas

2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Han zegoen, egunkari batekin zabalduriko gehigarri.Hiru argazki azalean. Toki ederrak hirurak, zein baino zein. Iparraldeko itsasertza; Pirinioak, Mediterraneotik Kantaurira; Okzitania. «Hurbileneko oporraldiaz goza ezazu», zioen azpitituluak gazteleraz. Pentsatzekoa da «hurbileneko» horrek, propio, urtaroarentzat nahiz lekuarentzat balio duela eta euskal herritarroi botatako amua zela.

Tituluak, letra maiuskulaz zetorrenak, eragin dit ia barre algara. Letrak ere larri dabiltzan honetan, titulutzat Escapadas jarri diona artista hutsa da. Eta erdalduna, noski. Euskal hiztunontzat eskapa beste zerbait baita. Asko egindakoak asko izango gara. Guretzat eskapa estualdi batean ibili eta kinkatik onik atera izana da. Ez du zerikusirik hondartza, gaztelu edo mendi elurtuetara egindako aisia bidaiarekin.

Aste batzuk barru eskapa galanta egin genuela aitortu ahal izango dugu. Bitartean, irudimena nagusi. Badut lagun zoro bat, egunotan Santiago Bidea egiten ari dena. Etxean bertan. Terrazan, egongelan, sukaldean emandako pausoak eta kilometroak neurtzen ditu eta Santiago Bidea egiten ari dela pentsatu. «Zailenetik, e! Kostako bidetik», xehatu zidan atzo. Presaka eskegi zidan telefonoa, lotarako Comillasera iritsi nahi zuela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.