andoni egana
HITZ ETZANAK

Fantasia

2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
«Fantasia: gizakion dohaina, zeinaren bitartez gai garen gure buruetan irudikatzeko errealak ez diren pasadizo, istorio, imajina, pertsonaiak...; edota errealak izan ziren baina presente ez dauden istorio, imajina, pasadizo eta pertsonaia horiek gure buruetan orainera ekartzeko gaitasuna; edota izan ziren horiek gure nahieran egokitu eta bihurritzekoa».

Halatsu dio definizioak. Inguruko hizkuntzetan desiorako bidea hartu du azkenaldian fantasiak. Euskarak berea egin du, ordea. Eta gurean, fantasia hitza beste adiera batean erabili izan da gehien. Luxu, joritasun eta horrelakoen sinonimotzat erabili izan dugu, larre motza-ren antonimo. Eta gehienetan, beti ez esatearren, ezezkoan.«Atzoko bazkaria? Ondo. Fantasia handirik gabe, baina... tira».

Euskarazko fantasia handirik gabe gabiltzan asteotan, koka dezagun gogoa erdarazko fantasia txikietan. Ezagutu nuen hogeitaka urte kartzelan eman eta irteeran bere desioa azaldu zuen preso bat. Arrautza frijituaren gorringotan ogi-puntta busti. Urteak eta urteak zeramatzan guretzat hain ohikoa eta eskuragarria den hori egin ezinez. Barruan, beti lehor-lehor eginda iristen zitzaizkion arrautza frijituak. Gu, oraingoz, hainbestera iristen gara. Fantasia handirik gabe, baina bizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.