andoni egana
HITZ ETZANAK

Agudo

2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Jakineko kontua da pandemiak polizia-koxkor bihurtu gaituela. Hasieran balkoiko polizia, kale-polizia egun. Egoera lasaituz joan den heinean, barruan erne zitzaigun polizia horri ere mugak jartzen ikasi dugula sinistu nahi dut. Polizia poliziak badaude aski...

Kondarren bat geratu zait niri. Bi hilabetean, hots batzuk ezkutatu egin zaizkigu, eta beste hots batzuk nabarmendu. Akaso horregatik, kalea berriz ere kale izaten hasi den honetan, sekula baino pipertuagoa sentitu dut neure burua kutsadura akustikoari dagokionez. Ezin dut eraman etxeko erraietaraino sartzen den motoaren hotsa; jasangaitz zait sakelakotik hil ala biziko kontuak erabakitzen ari balitz bezala orroka ari denaren jarduna; mingarri, terraza batean euren kontuak guztiek entzuteko moduan ari direnen erretolika. Auzo-lotsa askotan iristen da auzo-hotsaren bidetik.

Izan liteke isiltasunera ohitu izanak orain gure belarriak sentiberagoak bihurtu izana. Ozenegi ari direnek molestatzen naute gehien. Baina agudo ari direnek ere ez didate on handirik egiten. Eta une honetara iritsita, galdera bat, egiten erraza eta erantzuten zaila: «Zein izan zen lehen euskalduna tonuari zegokion kontzeptu bat hartu —agudo— eta abiadurarenera —aguro— eraman zuena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.