andoni egana
HITZ ETZANAK

Gaizki

2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Bertsolari gazte bat Orion zebilen egun-pasa egitera joanda. Nor topatuko kalean, eta Manuel Lasarte. Begirunez hurbildu zitzaion diosala egitera, eta pentsatzekoa da ordurako adinean oso aurrera zihoan Manuelek ere gustuz hartuko zuela gazte haren berriketaldia. «Zer moduz gara, Manuel?», galdetu zion gazteak. Eta Lasartek, konbentzioei men egin beharraren gainetik ordurako, ez zion ohiko «ondo esan beharko» edo «hainbestean» erantzun. «Gaizki!» bota zuen. Eta azalpena eman zion: «Atzo izana naiz medikutan analisiak egiten, eta zer esango eta burdina daukadala eskas. Xelebrea da gero! Niri burdina falta, bizitza osoa herrero lanean eman ondoren!». Bere osasun arazoak kontatuz segi zuen leitzarrak...

Gazteak, egoera leuntze aldera, «baina gainerantzean ondo, ez-ta Manuel?» galdetu zion. Lasartek ez zuen amore eman: «Esan ez dizut ba, ezetz!», trumoitu zitzaion gazteari.

Pandemiak sorturiko egoeran, oraingoz, kalean ezagunen batek «zer moduz?» galdetzen digularik «ondo» erantzuten ari garela esango nuke. Geure eta ingurukoen osasunaz ari gara. Laster iritsiko da garaia «hainbestean» erantzungo duguna; «gaizki» erantzutera helduko gara krisiaren ondorioak azaleratu ahala. Eta «esan ez dizut ba, gaizki!» ez dugu ezpainartetik urrun ibiliko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.