andoni egana
HITZ ETZANAK

Indarra

2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ez dakit ze tratu egingo zuten baina ez zen mantenu-truke soilik konformatzen zen morroia. Gaztea zen, baina ez kamutsa. Tarteka, baserriko nagusiari jornala igo ziezaion eskatzeko adina adore biltzen zuen. Baina nagusiak ezetz, ez ziola soldatarik igoko.

Hala zebiltzala jaso omen zuen, hamasei urte zituela, bertsotarako lehen deia. Mila zalantza gainditu ostean joan zen egunpasa bat bertsotan egitera. Sufritu ere egingo zuen seguru asko, baina bai gozatu ere, egunaren bukaeran diru-sobrea eman ziotenean. Egun bakarrean hilabete osoan baino gehiago irabazi omen zuen. Haranzkoan baino norrago bueltan, itzuli zen lan egiten zuen baserrira. Eta nagusiari esan zion bera bazihoala, ez zuela han segitzeko asmorik, topatuko zuela atarramentu hoberik. Orduan, nagusiak, jornala igoko ziola esan omen zion. Eta Manuel Lasarteri ahotsa trumoitu egin zitzaion eztarrian: «Zuk ez daukazu niri ordaintzeko adina diru» epaia emanda utzi zuen nagusia.

Egunkari honen atzoko alean soldatei buruzko erreportaje bat zetorren. Merkatu, prestigio eta indar kontua zuen izenburu. Eta Lasartez akordatu nintzen ni. Langile orok behar luke, bizitzan behin behintzat, «zuk ez daukazu niri ordaintzeko adina diru» harrotasunez esateko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.