andoni egana
HITZ ETZANAK

Jirafak

2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Badira mila teoria eta ni ez naiz nor bat ala bestea hobesteko. Jirafen lepoaren luzeraz ari naiz. Azken teoriek termoerregulazioarekin dute zerikusia. Oihaneko berotan burua eta lepoa eguzkitara zuzendu eta hartara beroak jotako gorputz-azalera txikiagoa izan dadin omen dute jirafek hain lepo luzea. Beste teoria baten arabera, zangoak luzatu zitzaizkien jirafei lehenengo, eta gero, putzuetako ura edan ahal izateko luzatu omen zitzaien lepoa. Arboletako goi-orriak harrapatu ahal izateko luzatuz joan zitzaiela dio azalpenik hedatuenak...

Ez dakit nik. Bat etorriko gara, ordea, jirafen ezaugarririk behinena euren lepo luzean datzala esatean. Pertsonona, begiratu batera behintzat, pentsatzeko gaitasuna duen animalia izatean datzala ere adostuko genuke. Ispilura edo ingurura begiratzea aski da, ordea, gaitasun hori dudan jartzeko.

Akaso, pertsonon gaitasunik aipagarriena ere lepoluzeak izatearena da. Gure lepoak garatu dira eguzkiaren berotara arrimatu gaitezen, zenbat eta gorputz-azalera handiagoa harrapatu, hobe; besteren askatik ere lasai edan ahal izateko garatu dugu lepoa; ahalik eta gorenen dauden gutiziak dastatu ahal izatea dugu helburu. Eta pentsamendua gehienez ere erabiltzen dugu lepoa gehiago nola-nora luzatu erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.