andoni egana
HITZ ETZANAK

Mutu

2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Biak markakoak:salatua eta salataria. Etxean behar zukeenean Zurriolako hondartzan surfean ari zenaz eta haren irudiak hartu eta hedatu zituenaz ari naiz. Bigarrenaren joerari nahi nioke luzatu begirada. Ze sukarraldi du jendeak den-dena grabatu eta konpartitzeko? Ez dut ulertzen. Zer irabazten du horrekin? Ez dakit. Sumatzen dut ni-ni kontua dela nini kontua baino gehiago.

Galdu, aldiz, kontaketaren plazera galtzen du, milaka urtetan pertsonaren ezaugarririk behinena izan den hori. Kontatzen duenak bere neurrira ekartzen du kontatua, eta horretarako ez du begirik behar, begirada baizik. Beroarena erantsiko dio batzuetan; suspensea lortzen ahaleginduko da hurrena; nahi duen une-tokietan egingo ditu ahots-keinu azpimarrak. Errealitate bat birsortzen ari da, entzule duenak beste norbaiti kontatzean, hark ere bere erara, berriz sortuko duena.

Begia gehitxo luzatze honek mihia kamustuko digu. Beti pentsatu izan dut kontatzen iaioa izateko ez dagoela kontatuari buruz asko jakin beharrik. Gutxi jakinda hobe da ia. Disimulatzen trebatua izatea aski da. Orain, dena dakigun honetan, ez dago tresneria landu hori martxan jarri beharrik ere. Surflariaren pasartera itzuliz, pertsonaren inbentu gorena, mintzoa, pikutara doala esango nuke…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.