andoni egana
HITZ ETZANAK

Erantsi

2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Joseba Zulaikak kontatzen zuela esango nuke. Ehiztariaren plazer unerik handiena datza pieza bota, harengana iritsi, eta hari atzaparra eranstean. Bere esku-azalak botatako animaliaren larruarekin bat egitean sentitzen duen horren bila jotzen omen du ehiztariak. Ez dakit. Ez naiz zalea.

Datorren astean burutuko dute urtero egin ohi den Elikagaien Bankurako bilketa erraldoia. Aurtengoa, ordea, ez da joan den urteetakoa bezalakoa izango. Gauden egoeran gaudenez eta jende pilaketak saiheste aldera, laguntza modua aldatu egin dute. Supermerkatura joan, zure karrotxoa bete eta hango elikagaiak bilketa-gunean daudenei eman ordez, emaitza beretsua izan dezakeen zerbait antolatu dute. Zuk bonuak erosi eta haien bidez hornituko dira bilketa-gunekoak, zer behar, zenbat behar, noizko behar… aintzat hartuta. Biltegien edukierari eta elikagaien iraungitze-daten antolakuntzari dagokienez, mesederako ere gerta daiteke sistema berria.

Baina ni, nire laguntzaren deitura zein den erabaki ezinik ibiltzen naiz. Ez dakit den erruki edo den elkartasun. Bigarrena dela pentsatu nahiko nuke…Eta, hori sinesteko orduan, zeuk karrotxoa bete eta emateak badu zerbait bonu bat erosteak ez duena. Botatako animaliari eskua eranstearen tankerako zerbait…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.