Onintza Enbeita.
BIRA

Galindo

2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Bertsotan nengoen, eta berandu irakurri nuen mezua lehengusu-lehengusinen Whatsapp taldean. Sare sozialetan ospakizunerako zenbait dei irakurri nituen, baina niri begiak ezerezean iltzatuta geratu zitzaizkidan. Airea zinema pantaila balitz bezala ikusi nituen Lasa eta Zabala, Intxaurrondo, Jesus Mari Zabarte, kare bizia, poltsa, elektrodoak, bainuontzia eta gogoratzeko gogorregiak diren beste zenbait gauza. Pandemiaren erdian hil da Galindo jenerala, gure herrian izan den pandemiarik latzenetako baten burua. Asko eta asko izan dira komisarietan torturatu dituztenak. Irakasle eta ikasle onak izan ditu Enrique Rodriguez Galindok: bere aurretik eta ondoren ere, majo torturatu baita hemen. Haren kondekorazioek eta harrokeriak, ordea, berezi egin dute haren jarduna. GALeko kide izateagatik kondenatu zuten, eta sekula barkamenik eskatu gabe utzi zuten aske. Egindako mina onartzetik urrun, GALen erabili zituen gizonen moduko laurekin Hego Amerika birkonkistatu egingo zukeela esan zuen. Inperioa zainetan darama espainiar nazionalismo ankerrak, eta horra adibidea.

Itzali da orain Galindo jeneralaren argia, bere itzal eta guzti. Torturaren aurkako egunean hil zen. Justizia poetikoa omen. Torturatuek, ordea, poetikoa ez, beste justiziaren zain jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.