andoni egana
HITZ ETZANAK

Lotsaturik

2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun

Zenbait kontu aisa desikasten da. Eta akats batzuek harro sentiarazten zaituzte. Franco hil zela baziren zortzi urte, eta soldadu nengoela azterketa bat egitera derrigortu gintuzten. Azterketa erraza. Edonork hutsik gabe burutzeko modukoa. Baina nik, nonbait, bat egin nuen. Espainiako Armadaren itsas base ziren hirien izenak eskatzen zizkiguten. Idatzi nituen. Zuzen. Bueltan, ordea, gorriz idatzia etorri zitzaidan izen bat. Ferrol jarria neukan lekuan, del Caudillo erantsi zion zuzentzaileak.

Beste kontu batzuk ez dira hain erraz desikasten. Eta akats batzuek min ematen dute. Joan zen astean, balkoian nengoela, osasun-langile bi sumatu nituen gure etxe inguruko ezkaratz batera sartzen. Janzkeragatik igartzen zitzaien Osakidetzakoak zirela bi emakume haiei. Nobedadea zelako edo, ondoan neukan etxekoari «bi erizain datoz!» esan nion. Bota zuen begiratu bat hark ere, eta ahots-tonuan errieta: «Bat erizaina izango da baina bestea seguru-seguru medikua», erantzun zidan.

Goizean goiz zen. Esnatu berria nintzen. Ez dakit non neukan burua. Ze mendetan, esan nahi dut. Ez dut aitzakiarik. Del Caudillo erantsi zuen militar lizundu harengandik gertu sumatu nuen neure burua. Nahikoa arrazoi kezkatzeko. Segi egin beharko dugu desikasten...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.