andoni egana
HITZ ETZANAK

Barrakak

2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Asko dakitenak ere ez datoz bat. Nondik dator barraka hitza? Batzuek arabieran kokatzen dituzte hitzaren erroak; italieran besteek; hitza katalanetik datorrela dioenik ere bada. Arrantzaleek edo nekazariek aldi baterako eta era oso xumean jasotzen zituzten eraikinak ziren garai batean barrakak. Buztinez eta kanaberaz egiten omen zituzten. Guk, lanerako ez, baina festetan ezagutu izan ditugu. Eta hauxe da urte sasoia herrietako plazak barrakaz betetzen direna.

Nerabezaroan, gaztelerazko kantuak ikasten genituen lekua ziren barrakak. Ez genuen inguruan toki erdaldunagorik. Han itsasten zitzaizkigun «la felicidad, ¡ja, ja, ja, ja!... de sentir amo-o-o-o-or» eta horrelako kantuak. Orain, adi egoten naiz barrakak sumatzean ze musika klase jartzen duten. Eta poztekoa da. Euskal abesti mordoa entzun daiteke herri batzuetako barraketan. Sumatzen dut udalen batzuk baldintzak jarriko dizkietela barrakazaleei...

Halere, zenbait kontuk krakatekoa eragiten dit barraketan. Bide-heziketari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio ikastetxeetan, eta auto-txokeak ditugu jolas. Bizikidetza lantzen dugu, eta tiro-pitxoneko eskopetak dauzkagu eskueran. Ez dakit. Akaso, gure heziketa asmo onenek ere buztinezkoak dituzte zutabeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.