andoni egana
HITZ ETZANAK

Denak batera

2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Eskolari erori zaio hau ere. Eta ez diot oker dagoenik. Baina lehen etxeak eta kaleak ematen zutena eskolak eskaini beharra dauka orain. Sexu-heziketa, bide-heziketa, euskara, etika… eta orain baita suizidioari buruzko lanketa ere.

Bada nonbait premia, bere buruaz beste egiten dutenak gero eta gehiago baitira —Euskal Autonomia Erkidegoan bi egunetik behin pertsona batek—, eta horietako asko, gazteak. Egungoek frustrazioari aurre egiten ez dakitela entzun dugu behin eta berriz azken bi urtean. Eta horrek eragin dezakeela barne-krakateko bat atzera-bueltarik gabea. Akaso, frustraziorik erakarriko ez duen ingurune bat lantzen saiatu beharko genuke. Eta, halere, nahikoa lan. Ezina eta mina hoskide dira, baina ahala eta zoriona ez. Pertsona da animalia bakarra denetik izan eta, halere, huts senti daitekeena.

Ukitu hedonista handia du Xapre adiskidearen heriotzarekiko ikuspegiak: «Izango ez zioat ba beldurra hegazkinean ibiltzeari! Erorita ere! Badakik ze ondo bizi naizen? Pena huke...». Begiak ñañartuko ditu gero. Eta epaia emango: «Norbera hiltzea baino gauza tristeagorik ez duk. Senideren bat, lagunen bat edo ezagunen bat hiltzean pena hartzen diagu, ezta? Ba norbera hiltzea duk horiek guztiak denak batera galtzea. Senide, lagun, ezagun...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.