andoni egana
HITZ ETZANAK

Eraldaketa

2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Energia, ez sortu ez suntsitu ez da egiten, eraldatu baizik. Esaldi mitiko bat, askok buruz ikasia, eta ulertu dugula ematen duen horietakoa. Ez da aho batez onartzen den zerbait, baina Antoine Lavoisier zientzialari frantziarrari zor zaiola dio Wikipediak. Frantziar Iraultzaren oso adinkidea, abokatua zen ikasketaz, eta ezkondu ondoren, emaztearen familiak zeraman zerga-bilketa lanetan ere aritu zen, bere zientzia lanetan aritzearekin batera.

Egungo garestitzea sortu egin dute. Ez da suntsitzen. Baina bai eraldatu. Atzo jakin genituen Hego Euskal Herriko datuak. Gasak eta argindarrak izutzen gintuzten, eta haiek ez dute hain gora egin; erregaien gorakadari ere galga jarri zaio azken hilabeteetan; elikagaiak dira etengabe garestitzen segitu dutenak: azukrea %66, olioa %32, esnea %31, arrautzak %30, patatak %21... Ulertzekoa da. Hasieran energiaren garestitzea zena produktuetara igaro da, horiek ekoizteko ezinbestekoak baitira gasa, argindarra eta erregaiak. Energia tartean denean, krisia toki batean hasten da eta beti saskian bukatzen du.

Hala amaitu zuen Antoine Lavoisierren buruak ere. Eraldaketa garaiak ziren. Iraultzatik hiru urtera, 1792an, atxilotu zuten zerga-biltzaile lanak egiteagatik. Urtebetera pasarazi zuten gillotinatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.