andoni egana
HITZ ETZANAK

Ikuztegian

2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Gureak, eta batik bat zaharxeagoen belaunaldiak, mila kontu ikasi behar izan du. Garbigailua zer den, esaterako. Hasieran ez zen etxean labadorarik eta gero bai. Labanderiak zer ziren, berriz, urrutiko hirietan kokaturiko filmetan ikasi genuen lehenik, eta Ruper Ordorikari esker jakin genuen gero, «hamabostean behin» joatea neurri egokia zela. Ikasi behar izan genuen, etxean ixeki esaten genuena euskara batuan eskegi zela. Eta ikusi eta ikuzi gauza bera ez zirela ere ikasi genuen.

Mundua etengabe jiraka dabil, ordea. Eta orain ikasi berri dugu New Yorken modan jarri dela sundrying egitea. Etxeko balkoian, terrazan edo dena delakoan arropak eguzkitan eskegitzeari deitzen diote sundrying. Errebeldia ekintzatzat jotzen dute. Energia xahutzea hain garesti den garaiotan, deskubritu dute eguzkiak egin dezakeela lehorgailuek egiten duten lan bera. Norbere sakelarentzat eta ingurugiroarentzat mesede. Influencer-ak hasi omen dira sundrying egiten ari direla ateratako argazkiak lau haizeetara harro hedatzen...

Alkandora koadrodunak baino zaharragoa dela hori esango du norbaitek. Baina dena ez da atzera-buelta. Ruperrengandik Imanol eta Joxerra Gartziarengana joz, kantuak aldaera berria izan dezake: «Izarartean daude izarrak...».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.