IRLEN SAREA

Sentsazio betiereko hori

Gorka Julio -

2018ko uztailak 21
Erlojuek atzera egiten dutela dirudi, errealki eta metaforikoki. Europako sare elektrikoan izandako arazo batek labeetako, iratzargailuetako edo mikrouhinetako erlojuak sei minutu atzeratu zituen. Aldiz, Europako Batzordeak Googleri jarritako isunak 2009ra garamatza, eta Microsofti jarritakoa gogora ekartzen du.

Bai, harrigarria dirudien arren, Internet edo sare inteligente batera konektatuta ez dauden erloju askok pairatu zuten fenomenoa. Arrazoia da erloju horiek denbora kontrolatzeko elektrizitatearen frekuentziak 50 hertzetakoa izan behar duela, hori baita ordua kalkulatzeko erabiltzen dutena. Bada, Serbiaren eta independente deklaratu zen Kosovoren arteko elektrizitate garraioarekin izandako arazoek frekuentzia hori aldatu zuten.

Aldaketa txikia izan bazen ere —49,999 hertzetara pasatu zen—, nahikoa izan zen gure erlojuetan atzerapen nabariak eragiteko. Badirudi ENTSO-E Elektrizitate Garraiorako Sare Kudeatzaileen Sare Europarrak arazoa konpondu duela behin-behinean, baina, behin-betiko soluzioa bilatzen ari direnez, berriro gerta daiteke.

Metaforikoki ere, Delorean batera igo izan bagina bezala, Europako Batzordeak Googleri jarritako isunak 2009ra garamatza. Orduko protagonista Microsoft izan zen: bere sistema eragilean beste nabigatzaileak sartzeko jartzen zituen zailtasunen ondorioz, isuna jarri zioten monopolio praktikengatik. Oraingoan, antzeko arrazoiengatik, Googlek 4.343 milioi euroko isuna jasoko du, Android sistema eragilearekin bere bilatzailea hobesteko eginiko praktiken ondorioz.

Internet Explorer ez ezik, beste nabigatzaileak ere instalatzeko aukerak ematera behartu zuten Microsoft. Googlek ezingo ditu Google Play aplikazio biltegia erabili nahi dutenak bilatzailearen aplikazioa edota Chrome instalatzera behartu. Fabrikatzaileen esku egongo da men egin edo ez; beraz, ez da aldaketa handirik espero, baina aukerak ireki dira.

Isunari dagokionez, Googlek 90.000 milioi inguruko diru erretserbak dituela kontutan hartuta, aipatutako 4.323 milioiek min gutxi emango diote teknologiaren erraldoiari; ohar bat dira, azken batean. Atzera goazela baino, historia errepikatzen den sentsazio hori da deigarriena. Kapitala —eta boterea— gutxi batzuen esku metatzen diren sentsazio betiereko hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna