EKOGRAFIAK

Ahotsen gerra

Mikel Alvarez.
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Indartsu ekin zion ETB1ek denboraldi berriari astelehenean. Egunak egin du saioa izan zuen hizpide Miren Maniasek atzo (mila esker ongi etorriagatik!). ETB1en aulki elektriko sona irabazi duen late night ordutegia betetzera etorri da Klaudio Landaren saioa. Baina haren aurretik, plaza errazagoa ez den prime time-a bete du Baleukok ekoiztutako Ahotsak saioak.

Kantua oso gauza euskalduna da, are gehiago taldean. Hori jakinda, inork ez luke esango abesbatzen arteko lehia bat saio ausarta denik. Ez dut uste asmoa hori zenik ere. Julian Iantzik (bai, berriro) gidatutako saio horretan Euskal Herriko hiru abesbatza elkarren aurka lehiatu ziren, Hibai Etxebarria epailearen inguruan eraiki duten pertsonaia harroputzaren begirada zorrotzaren pean. Gidoiari lotuegi ikusi nituen bi aurkezleak. Nire kontua izango da, agian, baina horrelakoetan nahiago izaten dut naturaltasuna, beharrezkoak ez diren pertsonaiak sortzen hastea baino. Are gehiago, aurkezle hasiberria aktore lanetan jarri behar baduzu. Kontuan izan, gainera, aukeratutako tonuak intentzio garbia duela: konfrontazioa, hain zuzen ere. Ez dakit bakezaleegi ez ote nabilen, baina aspaldi aspertu ninduten halakoek.

Ahotsak-en, abesbatzak eta horien musika eta herriak dira benetako protagonista. Saioaren platoa Bermeoko kai zoragarria izan zen oraingo honetan, baina, horren gainetik, abesbatza parte hartzaileen herriez gozatu ahal izan genuen. Lehenbiziko bi kantaldiak bertako txoko aukeratuetan grabatu zituzten, eta bereziki abesbatza zalea ez den honek ere ederki gozatu zituen modu bikainean errealizatutako pilulak. Parte hartzaileen maila bikaina izan zen, eta irudiak ederki lagundu zuen kantaldiak borobiltzen.

Gidoi irakasle batek esan zidan behin elementu bat sortzean beti galdetu behar diogula geure buruari benetan behar ote dugun. Erantzuna ezezkoa bada, elementu horrek oztopo besterik ez dio egingo kontatu nahi diogunari. Ahotsak-en, konfrontazio tonu hori da sobera dagoena. Zertarako nahastu, edertasun horretako ahotsak eta lekuak baditugu? Zertarako epailea gaizto paperean jarri, esperientziadun musikari papera naturalki bete dezakeenean? Zergatik ez aukeratu abesbatzarik hoberena anaitasun giroan? Bai, bakezaleegi ari naiz. Horregatik, agian, ez diot saioaren hizkuntza ereduari heldu. Hori, datorren asterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.