Onintza Enbeita.
BIRA

Iraun

2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Zaila da konfinamenduan sortzea. Orri zuriaren aurrean jarri eta bidaiatzeko eskatzen diot neure buruari, baina ez dut dagoena baino ikusten. Ezin dut koronabirusari lotuta ez dagoen ia ezertan pentsatu. Horri etengabeko zalantzak gehitu behar zaizkio: etxean, pantaila baten aurrean, ezin diot tentsioari plazan bezala eutsi, ezin naiz berdin kontzentratu. Zertan ari naiz, beraz: neure buruaren onerako edo kalterako? Urrutira begiratzen saiatzen naiz, baina ez dago kontsolatzeko pisuzko arrazoirik. Normala deitzen genion bizimodu hori ez da uda honetan iritsiko, eta bertsolari asko gaude egingo omen diren plaza gutxietarako. Antsietatea sortzen duen egoera da hau bizimodua plazan egiten dugunontzat.

Kultura debalde eskaintzen ari gara sareetan: bakarrizketak, bertso saioak, poemak, kontzertuak... Jendeak eskerrak ematen dizkigu: konfinamenduan irauten laguntzen dio gure sorkuntza lanak. Hori entzuteak asko pozten du bat, baina sortzaileak ere iraun egin behar du. Pentsatu nahi dut berrogeialdiari eusten lagundu diguten gauzei balioa emango diegula gero ere. Eta balioa ematen diegun gauzak zaindu egin behar dira, eta zaintzeak, batzuetan, ez beti, ordaintzea ere esan nahi du. Ez milioiak eta milioiak, ez; irauteko beste baino ez nuke eskatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.