Onintza Enbeita.
BIRA

Kalea

2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Aldaketa guztiak ez dira kalterako izaten. Erritmoa jaistea, esate baterako, ariketa ederra da arrastaka zabiltzanean. Horrek ez du esan nahi COVID-19ari edo hark sortutako krisia kudeatu dutenei eskerrak eman behar dizkiegunik, baina ez da ezer gertatzen norbere buruari, bakardadean, aitortzaren bat edo beste egiteagatik. Eta ez da ezer gertatzen obedienteegiak garela onartzeagatik. Etxean sartzeko agindu ziguten, eta sartu egin ginen: protestarik gabe, kalean gelditzeko imintziorik egin gabe. Gure osasunaren alde ari garelako izango ginen hain esanekoak akaso, baina balkoitik kalera begira egon garenean, ez dakit noren alde ibili garen. Ordea, argi gelditu da gure bizilagunen kontra egin dugula sarritan.

Gizartea aldatu egin da. Orain dela urte bi edo hiru ezinezkoak ziruditen gauzak posible dira orain. Kontua da birusaren aitzakian gehiago aldatu nahi dituztela gauzak. Inpresioa daukat kalea desagerrarazi egin nahi dutela. Badirudi kontsumitzera baino ezin garela kalera joan: ezin dugu kalean elkar agurtu, ezin gara kalean ibili inora ez bagoaz...

Eta hemen, bizitza, kalean gertatu da ia beti. Kalean egin ditugu protestak, kalean ezagutu dugu elkar, kalean mozkortu gara eta kalean lan egin dugu sektore askok. Kalea izan da gure topalekua, eta horrek ez luke aldatu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.