Onintza Enbeita.
BIRA

Matriarkatua (IV)

2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Klarak sei seme-alaba izan zituen. Burua galdu zuenean errainak zaindu zuen. Mundu guztiari iruditu zitzaion normala: baserria ere semeari eta errain horri utzi zien hil aurretik. Sei urte luze egin zituen ohean. Ez dakit baserri batek zenbat balio duen, baina garesti ordaindu zuela dirudi. Sabinak gurasoak eta osaba-izeba ezkongabe bi izan zituen etxean. Bere umeak txikiak zirela, haien eta bere neba ezkongabeen ardura izan zituen. Orain ilobak zaintzen ditu. Hauek esker onekoak dira behintzat; zaindu dituen guztiak ez dira hala izan. Begoñari amaginarreba egoitzara eramatea leporatu zioten, nahiz eta amaginarreba horrek bazituen seme bi erabaki hori hartu zutenak. Mariak seme bi ditu, eta askotan esan diote alaba izatea hobe dela zahartzaroan nork zaindua izan dezan.

Eta zerbitzu sozialak iristen ez diren leku guztietara heldu dira gure herriko emakumeak. Urte askotan debalde egin duten lana izan da, orain, miseria bat ordainduta kontratatzen dira lan hori egingo duten emakume atzerritarrak. Prekarizatutako lan askoren moduan, zaintza lanak ere emakumeek egin dituzte hemen. Askotan, egin nahi duten edo ez erabakitzeko aukerarik ere ez zaie eman. Eta hori ustezko matriarkatu batean; deskuido batean patriarkatuan bizi izango bagina, akabo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.