Onintza Enbeita.
BIRA

Logika

2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

Aspaldi itxi zuten taberna batean gertatu zen. Gizon bi ari ziren eztabaidan. Bata herritik Madrilera joandakoa, gizon ikasia; ustez, jakintsua. Bestea baserritarra. Herritik urrutien Bilbora edo joandakoa. Ardoa tartean denean ohikoak izaten dira sakontasun eta premia handirik gabeko eztabaidak: ze urtetan izan ziren uholdeak, zenbat urte ditu ez dakit nork, nork irabazi zuen halako tourra… eta gizonak berotu egin omen ziren. Behin eztabaida urruti samarrera eramanez gero, zaila izaten da besteari arrazoia ematea; eta are zailagoa kentzea. Han ari ziren, bada, gizonok jo eta su, eta Madrilera joandakoak besteari honela esan omen zion:

 

—Zuk diozunak ez dauka logikarik, gizona!

Bestea pentsakor gelditu ei zen, baina gizon bizia izaki, erantzun gogoangarria eman zion:

—Hara, nik ez dakit logika zer den, baina zuenean baldin badago, gurean ere egongo da.

Munduak ez du, ordea, logika horrekin funtzionatu nahi. Kapitalaren logikarekin kudeatu nahi dituzte gure bizitzak, baina gure bizitzen logika beste bat da. Gurean, gure etxean, gure bizitzan, kapitalaren logikak ez du zentzurik, eta kapitalarentzat ez da logikoa gure osasunaren alde egitea. Eta azkenean, irudipena daukat, logika bezain gauza sinpleek ere klaseen arabera funtzionatzen dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.