Onintza Enbeita.
BIRA

Gertaerak

2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Berrizen gertatu da. Irratian entzun dut gizon bat bere bikotekidea hiltzen saiatu dela. Gero, telebistan ere esan dute. Jendea elkarrizketatu dute kalean. Beti bezain harrituta egon dira hitz egin duten guztiak, eta baten bati amorrua antzeman zaio. Interneten sartu naiz informazio bila, eta Berrizko jazoerarekin batera, Gijongo bortxatzaileen kontrako epaiketaz irakurri ditut kontu batzuk. Gertatu zenari buruzko xehetasun batzuk, abokatu lotsagabe anakroniko baten adierazpenak... eta buruan gertatu hitza gelditu zait egun osorako. Gertatu. Garai batean gertaeren atala izaten zuten egunkariek eta han etortzen ziren jazoera txikiak. Ordea, Berrizen ez zen ezer gertatu. Norbaitek, berriz ere kasualitatez gizon batek, bere bikotekidea hil nahi izan du. Hori ez da gertatzen: labankadak eman egiten dira. Gauza bat da gauzak jazotzea eta beste bat norbaitek hala egitea. Eta berdin Gijongo bortxaketaren inguruan. Orduan ere ez zen ezer gertatu: norbaitzuek, kasualitatez gizon batzuek, emakume bi bortxatu zituzten. Bortxaketak ez dira gertatzen, eta gertatzen badira da norbaitek beste norbait zerbait egitera behartu duelako.

Halako notizien betekada izango da agian, baina honezkero nekatuta nago gertaerez. Norbaitek hala nahita egiten dituen gauzak ez dira gertaerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.