Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Nola ezagutu

2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Norbait nola ezagutzen den. Nola, eta noiz. Horra hor pertsona horren gainean izango dugun iritzian pisu ezinbestekoa izango duen aldagaia. Nerabezaro betean horren heldua eta aparta zirudien institutuko guayenen taldea patetikoa izan daiteke hogei urte beranduago. Eta litekeena da: orain ezagutuz gero, lehen maite kontuetan bidelagun izandako harekin kafe bat ere ez zenuke hartuko. Ez da gauza bera inor ezagutzea 16 urterekin dantzan edo bi autoren arteko liskar batean, berrogeien langa pasatu eta gero.

Antzera gertatzen da telesailekin. Disney Pluseko How I Met Your Father da horren adibide garbiena. Izenak iradokitzen duen moduan, Ted Mosby eta enparauen desbenturak kontatzen zituen How I Met Your Mother-en aldaera berria da, eta Hilary Duff aktorea du protagonista. Lagun taldea eta gaiak gaurkotu dituzte apur bat, emakumezkoa da protagonista, baina, funtsean, formatuak bere horretan jarraitzen du. 2010eko hamarkadaren hastapenetan arrakasta izugarria lortu zuen sitcom umoretsuaren oinarria berrartu dute: maitasun istorio akasdunak eta erabaki okerrak hartzen dituzten ez-hain-gazteen kuadrilla. Testuingurua da aldatu dena, baita ikusleon begi alboko zimurrak ere.

Ez da gauza bera halako telesail bat 20 urterekin ikustea, Emule-tik deskargatuta, pisukideekin batera eta ogitarteko handi bat jan berritan —hori HMYM-ren zaleentzako erreferentzia da—; edo ikustea hamar urte geroago, plataformen eskaintza agorrezinaren garaian, bakarrik eta azken hamarkada bizi izan duenaren begi nekatuekin. Errepikakorra suertatu zait, barre eginarazteko kamutsegia. Hogeita hamarren krisian bizi direnen larritasunak barregarriagoa zirudien ez zuenean gure bizitzaren tankerarik. Nostalgikoen neurrira egindakoa da formula. Hilary Duff eta Josh Peck millenial-on nerabezaroko erreferentzia dira. Haiek (ere) heldu funtzionalak izan nahi eta ezinean ikustea aringarria suerta daiteke. Hori da marketin arduradunek sumatu dutena, baina nirekin ez dute asmatu. Nostalgia erosoari bide emateko, nahiago jatorrizkoa: ondo dakizkigun txiste eta une gogoangarriekin. Gaurko munduari begira jarriz gero, begirada garratz eta inteligenteagoa da apreziatzen dudana: Fleabag, Todo lo otro edo Strappare lungo i bordi, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.