Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Telebista denbora

2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Aspaldian denboraren nozioa galduta nabil. Pandemia aurreko kontu gehienak atzo goizekoak iruditzen zaizkit tarteka, eta aldi berean, mundu urrun bateko oroitzapen lanbrotsu. Uda inoiz baino motzagoa izan dela esango nuke, baina San Joan bezperako parrandaz apenas gogoratzen dudan jada ezer. Egunek ihes egiten didate ia konturatu gabe, baina mikrouhin labearen minutu bakoitzean mende bat kabitzen zait gutxienez. Niri soilik gertatzen ote zait? Edo antzera zabiltza zu ere? Ez litzateke batere harritzekoa.

Mihiluze bueltan da ETB1en, Game of Thrones eta Lord of The Rings berriro ari dira istorio zaharrak zukutzen, eta El conquistador del fin del mundo-ek ikusle mordoa pilatzen jarraitzen du oraindik. Ez diozu 2010 usaina hartzen?

Moduak aldatu dira, hori bai. Telebista askatua da aspaldi denboraren katetik. Edukiak nahi dugunean ikusten ditugu, afalordua aurreratzeko edo atzeratzeko premiarik gabe, eta nahi beste eten eginda. Ikusten dugu —Instagram edo Youtubeko bideo labur segidari lotuta— denboraren joanaz konturatu gabe. Eta abiadura bera ere aldagarria da: badira X1,5 abiadan ez bada, bideorik biziena ere jasateko gai ez direnak. Irrikaz ikusi nahi ditugun horiek ahal bezain bizkor nahi ditugu kontsumitu; dena delakoa eginbeharren zerrendatik ezabatzea da plazeretan potoloena, baita gure aisian eta inork exijitu gabe ikusten ditugun edukiak direnean ere. Ez dira hainbeste urte igaro apur bat despistatuz gero gustuko telesailaren haria galtzen genuen garaitik. Telebista jada ez da egongelako etxetresna karratu hori (soilik).

Denboraren nozioa galduta nabil aspaldian. Baina despistatuenarentzat ere egutegiak agintzen du. Berdin etorri zait gainera iraila bere e-mail, zeregin eta asmo uholdearekin. Eta horien artean, goi samarrean, txoko honetatik taxuzko kontuez aritzeko erronka. Gazteenei plataformen azken zokoan galdutako altxorrak berreskuratzen lagunduz; zaharragoei Instagram edo Twitchen galtzen ari direnaren berri emanez; ikusteko modukoa dena gomendatuz, eta inoren arreta merezi ez duen hori zure partez ikusi eta garaiz ohartaraziz. Amaitu dira oporrak eta hastear da telebista denbora. Gozatu Zinemaldia eta azken hondartza egunak, sofak eta mantapeak harrapatuko gaitu laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.