Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Irakasleak

2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Eskolarako itzulera iritsi da. Euskal Herriko gazte batzuek emozioz hartuko dute, eta beste batzuek nagikeria astindu beharko dute eguneroko errutina ezartzeko. Eskolaren itzuleran gurasoek ere rol oso garrantzitsua dute, baina, nire ustez, askotan benetako protagonistez ahazten gara: irakasleez. Arabako Errioxako eskola batean irakasle den lagun batekin hitz egin dut azken egunetan, eta uda osoa oporretan egon ostean, lanera bueltatzeko gogoa zuela adierazi zidan. Bestalde, nagikeria pixka bat baduela aitortu dit. Irakasle bakoitzak gauza desberdinak prestatu behar ditu bere ikasturterako. Nire lagunak aurreko urteko programazioa lagun edukiko du, baina erronka berriei aurre egin beharko die aurten.

Euskal eskola publikoa ezin dugu AEBetako eskola publikoarekin alderatu. Horren adibide argia Abbott Elementary (Disney Plus) telesailean aurki dezakegu. Telesail horrek Filadelfiako eskola publiko baten egunerokoa kontatzen du. Telesaila Quinta Brunson idazle eta aktoreak sortu du, eta telesaileko protagonista bera da. Brunsonek Janine Teaguesen rola egiten du. Eskolan denbora gutxi darama, eta bere helburua irakasle bikaina izatea da. Helburu hori lortzeko oztopo dezente ditu: besteak beste, eskolaren finantzaketa arazoak, eraikinaren egoera txarra eta klasean erabil dezakeen material eskasa. Bere egunerokoaz gain, arazo handi horiei konponbidea jartzen saiatzen da. Horretarako bere lankideei laguntza eskatzen die, baina gutxitan lortzen du guztien konpromisoa. Horrez gain, eskolako zuzendariak ideia zoroak proposatzen ditu askotan, eta Janinen proposamenak zapuztu egiten ditu.

Telesail horretan umore oso berezia erabili dute egoera hain ezegonkorra azaltzeko. Egoera trakets hori umorearen bitartez azaltzea estrategia bikaina dela uste dut. The Office edo Community telesailak gogora ekartzen duen telesaila da.

Euskal irakasleak ikasgeletara itzuliko dira gaur, eta bi urteren ostean, COVID-19aren ondorioz hartu ziren neurriak desagertu dira. Abbott Elementary telesailean dituzten oztopoak ez dituzte edukiko euskal eskoletan, baina hasiera honetan bestelako arazoak izango dituztela seguru nago. Horregatik itzulera ona opa diet denei; eta gauzak umorez hartzeko, Disney Pluseko telesaila gomendatzen diet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.