Onintza Enbeita.
BIRA

Arrazoia

2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegiak Espainiako Estatuari eman dio arrazoia. Afera honetan bizitzarik jokoan ez balego bezala, sufrimendurik ez balego bezala, distantziarik ez balego bezala, injustiziarik ez balego bezala. Inuzente sentitzen naiz. Noizbait baikorra izatearren, inuzente. Gauzak konpondu egin ditzakegula sinestearren, inuzente. Delitu berari dagozkion kartzela urteak behin bakarrikbeteta nahikoa dela pentsatzearren, inuzente. Izen batzuk hurbil sentitu ditut eta beste batzuk hurbilegi. Abokatuen aurpegiek hitzik esan gabe hitz egin didate telebistatik.

Amama Klararekin gogoratu naiz. Gu umeak ginen hura bizi zenean, eta gurasoen erabakien aurrean protesta egiten genion etengabe. Ezarritako zigorrak ez genituela merezi pentsatzen genuen aldiro, amamaren altzoan hartzen genuen babes. Laztan eta laztan artean, bere erara esplikatzen zigun aginte makila nork zeukan: «Arrazoia daukazu, baina kartzelara joan behar duzu, ume».

Zenbat ikusia zegoen ordurako amama Klara, zenbat zekien, zenbat gauza esan zizkigun ezer esaten ez zuelakoan. Arrazoia daukagu orain ere, baina kartzelan jarraitu behardugula dio Estrasburgoko auzitegiak. Zein gutxi balio duen arrazoiak indarrak toga janzten duenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.