andoni egana
HITZ ETZANAK

Isil-isilik

2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Orri bana partitu die zaintzaileak. Orain tokatzen den abestia Isil -isilik dela demagun. Letra larriz eta hizki handiz idatzita dator testua eta orriaren bi aldeak hartzen ditu. Bakoitzak bere orria eskuetan duenean, hasi zarete kantuan. Eta jabetu zara, kantua segitzekotan orria jiratu behar den unea heltzean, 60 lagunetik dozena batek baino ez diola eman buelta orriari. Gainerakoak, edo ez dira jabetzen, edo bizitzak nekatuegiak dauzka guretzat hutsa litzatekeen lan horriekiteko ere. Zaintzaileak, kantatu ahala, banan-banan laguntzen die hala egin ez dutenei, orriari buelta ematen, kantua segitzeko modua izan dezaten.

Pribilegiatua naiz. Azken lau-bost urtean izan dut aukera lau-bost zaharren egoitzatara joan, bertso batzuk bota, eta bertako adinekoekin batera kantuan aritzekoa. Urak bere onera etortzean, horiexek dira plaza batzuk galdu nahi ez nituzkeenak. Beste inon ikusten ez direnak ikusten baitira han; beste inon ikasten ez direnak ikasten.

Egoitza horietako langileez akordatzen naiz iluntzero eskuak astintzen ditudanean. Euren eskuz aitona-amonei orria jiratzen laguntzen dietenez. Orriaren beste aldean beti baitago zerbait. Kasu honetan... «kontsolatzeko, kontsolatzeko, euskaldun jendia!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.