andoni egana
HITZ ETZANAK

Paperak

2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bi pertsona adin bertsukoak, —hirurogeiren bueltan gehienetan— langileak biak, atez ate bizi direnak, bizi maila igualtsukoak... Batak lanera irten behar izaten du egunero soldata miserable bat lortze aldera. Bestea etxean geratzen da. Auzokideak adinako diru kopurua eskuratzen du batetik eta bestetik lortzen dituen laguntzei esker.

Horrelakoak alderatzean sortzen dira inbidiak eta errezeloak. Egunero lanerako madarikatuz jaikitzen denak ezin du eraman auzokoa zilborpeko ileak txirikordatzen geratu izana. Eta ez da pertsona on/maltzur, langile fin/alfer kontua. Askotan, zorriarena baino, zoriaren kontua izaten da. Bataren enpresak hondoa jo zuenean tranpa egin zuen, langileak biluzik utziz eta bestearenean ez zen horrelakorik gertatu; edo paperak betetzeko garaian bata aztiago ibili zen bestea baino; edo une jakin batean... Drama ez datza deus egiten ez duenaren laguntzen kopuruan. Lanean ari denaren soldataren mixerablean datza arazoa.

Egungo egoeraren ondorioak goxatze aldera hasi dira erakundeak diru laguntza eskaintzak luzatzen. Enpresa ertain eta txikientzat, autonomoentzat, kultur langileentzat... Zirripi-zarrapa handia sortuko da. «Hark bai eta nik ez?» izugarria. Eta beste behin ere lortuko dute gure artean muturtu gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.