andoni egana
HITZ ETZANAK

Isildu

2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Irudika ezazue itxialdi bat filmik, dantzarik, antzerkirik, margolanik, musikarik, libururik, bertsorik... gabea. Imajina ezazue etxealdi bat, laburra eta aukeratua balitz ere, horien falta izango lukeena derrigor.

Gile gara gu ere, kulturgile. Baina ez gaituzte esentzialtzat jotzen. Pandemia honek begi bistan ipini du kontraesana: denek kulturgileen lanetik jotzen dute itxialdia goxatzeko, eta, aldi berean, txakurraren ipurdia gara, bai lanera itzul gaitezen aurreikuspenetan eta bai laguntza-poltsen lehentasunak ipintzeko garaian ere. Guk entretenimendu hutsetik haragoko zerbait bagarela sinesten dugu, herri baten bizkarrezurra eraikitzeko garaian kultura ezinbestekoa dela.

Nahi dugulako gara sortzaile eta kulturgile. Hautua da. Gure zaurgarritasun indibidualaren bizkar-zorroa eramaten ohituak gaude. «Errazago bizi nintekeen baina hobeto ez», bota zuen behin adiskide batek. Besterik da erakundeek, oro har, aintzat hartzea nahiko genukeela. Akaso, pandemia honek, estreinakoz, etorkizunerako giltzarri izan daitezkeen gaiak lantzera bultzatuko gaitu batzuk eta besteak. Kulturgilearen langile figura, jubilazio osterako lan baldintzak, eskubide sindikalak... Bitartean, bi eguneko greba egingo dugu. Isildu, entzun gaitzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.