andoni egana
HITZ ETZANAK

Arnasa

2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
COVID-19ari buruzko film batean parte hartuko lukeen galdetu diotelarik ezezko borobilarekin erantzun du. Ez omen du tristuran murgil gaitzakeen ezer hauspotu nahi orain. Orain nahi omen du jendea berriz ere arnasa hartzen has dadin moduko zerbait egin.

Antonio Banderas aktorearen hitzek atentzioa eman didate, egin nahi ez duenarengatik baino gehiago egin nahi duenarengatik. Nola daki jendeak berriz arnas har dezan zer behar duen? Nola daki bera hori eskaintzeko gai dela? Nola eta nondik ateratzen du indarra egoera honetan saltsa horietan sartzeko? Beharrik ez duenaren behartzat definitu izan da anbizioa. Makina arnas emaileak hain eskas izan ditugun bolada honen ondoren, ez al da anbizio handitxoaren seinale zer eta arnas-itzultzaile izan nahia?

Banderasen ifrentzuan Diogenes. Sekula deus idatzi gabe ere gure egunetaraino iritsi den filosofo greziarraren inguruko pasadizoak asko dira. Honakoa horietako bat: Korinton zetzan garai hartan. Lurrean egonean zegoela, hausnarrean edo, Alexandro Handia hurbildu omen zitzaion. Nahi zuena eska ziezaiola bota zion eskuzabal. Eta Diogenesek eskatu zion paretik kentzeko, eguzkia hartzen ari zela eta. Ez dakit zergatik, baina egunotan Diogenes hurbilago sentitzen dut Banderas baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.