andoni egana
HITZ ETZANAK

Zaintza

2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Ondo portatu dira. Oso ondo. Azken lau hilabeteotan behar izan duen guztia ekarri diote etxera: jan-edariak, botikak eta puzzle erraldoi bat denbora errazago pasa zezan. Itxialdiaren gordinenean ere —egunen kontadurian nahastu eta noiz ze astegun zen antzematen ez zuenean— ez zaio inoiz telefono deirik falta izan. Mezu argi eta errepikatua heldu zaio batetik eta bestetik: «Ez-ta burutik pasa ere irtetea».

Azken asteotan semeek «utzi» diote tarteka kalera ateratzen. Baina nahi baino gutxiagotan. Beraietako norbaitekin baino ez zela irtengo adostu zuten. Tranpa txikiren bat egin du, baina beti ere ezkutuka, semeen errietaldiaren beldur.

Trumoi-hotsak esnatu du gaur. Eta presaka gosaldu ondoren, prestatzen hasi da. Badaki goizeko hamarretarako bi seme etxean izango dituela hauteslekura laguntzeko prest. «Ez irten!» hura «igandean joan egin behar da» bihurtu da azken egunotan. Badaki bi semeen joera politikoa desberdina dela, eta laguntza premiarik ez zuenean ere «laguntzera» etortzen zitzaizkiola bere botoaren norabidean eragin nahian. Badaki bi semeek ez dakitela bere botoa beti berea izan dela, eta ez dela inoiz ez seme batek ez besteak nahi zukeen zakura joan. Badaki aurten ere berdin jokatuko duela. Ez dezake asko, baina asko daki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.