andoni egana
HITZ ETZANAK

Bi kantu

2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Bi kantu. Hizkuntzari, garaiari, musika estiloari, hedapenari… dagokionez elkarren tankerarik gabekoak. Donald Trump den bezalakoa izan ez balitz nire burmuinak ez zituzkeen sekula lotuko. Baina den bezalakoa da, eta gaur esnatu naiz bi kantuen musika eta hitzak burutik uxatu ezinda.

Umetan guztiok baloi bana ez geneukan garaikoak zaretenok ongi ulertuko duzue. Gertatzen baitzen galtzen ari zelako, edo golik sartzen ez zuelako, edo aspertu zelako, baloi-jabeak kasketaldia izan eta baloia besapean zuela alde egitea. Grazia egin izan dit beti Tijuana in Blue musika taldeak Urroztarra futbol taldeari eskaini zion abestiaren letrak: «Urroztarra, tercera división, o pitas penalti o pinchamos el balón». Haiek ironiaz zioten penaltirik adierazi ezean baloia zulatuko zutela. Trumpek egiatan eta azken muturreraino darama jarrera. Natural-natural. Baloiaren jabea bera delako. Kapitain Pilotu da gaur behin eta berriz datorkidan bigarren kantua. «Neri behar zait obeditu!» zioen hark, kapitaina zelako. Eta obeditu hitza errepikatu egiten zuen gainera, zalantzak zirrikiturik topa ez zezan. «Buruan jartzen bazait neri…» dio gero.

Ba horixe da Donald Trump: baloi-jabea, kapitaina, kasketosoa, mehatxugilea, kapritxosoa, galtzaile txarra…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.