Onintza Enbeita.
BIRA

Telefonoak

2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Gutxitan konturatzen naiz zenbat begiratzen diodan telefonoari. Baditut aitzakiak nire jarrera justifikatzeko: nire lanaren zati handi bat telefonoan dago. Hala ere, bakarrik gelditzen naizenean, neure buruari aitortu egiten diot ez dela hainbesterako. Askotan utzi ahalko nuke aparatu txatxar hori albo batean, baina gutxitan uzten dut. Etxean ahazten badut, itzuli egiten naiz haren bila, eta edonora noala ere, hura gabe banoa, urduri sentitzen naiz. Urte asko joan dira lehenengo segapotoa izan nuenetik, eta aldi berean ez dira hainbeste urte. Bizitza erdia egin nuen hura gabe, baina badirudi beti izan dugula bat eskura.

Badut lagun bat haserretu egiten zaidana. Izan ere, harekin hitz egiten nagoela telefonoak jotzen badu, eskuan hartu eta irakurri egiten dut. Eta gauza jakina da mezua irakurtzen bazabiltza ezin zarela aurrekoarekin ganoraz egon. Ohartzen naiz, eta bihar gutxiago egingo dudala pentsatzen dut, baina kosta egiten zait. Barruraino sartu dizkigute badaezpadakotasuna, urgentzia eta beharrezkotasuna.

Eta orduan gogoratzen naiz gure aitak ez duela sekula telefono mugikorrik izan, eta lasai asko bizi dela. Ez hori bakarrik: sekula ez da hitzordu batera berandu iritsi, eta duela hogei urte egiten zituen gauza guztiak egiten jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.