andoni egana
HITZ ETZANAK

Txaloak

2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Orain urtebete, asko eta asko derrigor etxean geundela, lanera joan behar izaten zuen egunero. Eusko Jaurlaritzak bere lana funtsezkotzat jo zuen. Behar adinako babesik gabe —esku-plastikoak bai, baina musukorik ez— egiten zuen lan hasieran, kutsatua izateko aukera handien pean. Lanetik etxera eta etxetik lantokira baino ezin zen mugitu. Ez du sekula jakingo non eta noiz, baina kutsatu egin zen. Egin zituen etxean bakarturik bi-hiru aste, eta berriz ekin zion lanari. Pasada handia hartuta, egurtua, gogo-hil... baina lantokira itzuli zen, garraio publikoan betiere.

Enpresak azken urtebetean oso harro azaldu du bere burua herritarroi eman digun zerbitzuaz. Hain egoera larrian aritu behar izan zuten langileei igurtzi die sorbalda, eta eman die, gurasokeria nabarmenez, txikira ere iristen ez den diru-ordain estra bat. Lan-baldintzak ez dizkie hobetu. Eta hori bai zela funtsezkoa!

Gaur, Maiatzaren Lehena, ezin izango da hiriburura joan. Jai du lantegian. Eta jai dauka lantegiko baldintzengatik protesta egin nahi badu. Eusko Jaurlaritzak eta EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki dute hori ez dela funtsezkoa. Lanak, nonbait, mugikortasuna onartzen du; mobilizaziorik ez. Zenbaiten belarrientzat, balkoietako txaloak goxoak ziren; mingotsak kaleetakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.